186 egun paseak

Internetek dio sei hilabetean 4.380 ordu kabitzen direla, 186 egun. Hori baino gehiago joan da, beraz, Israelgo Armadak urriaren 7an Gazaren kontrako erasoaldia hasi zuenetik. 33.000tik gora dira hildakoak, halako bi baino gehiago zaurituak, eta armadak dio «asko» falta dela gerra amaitzeko. Hari erreparatu dio Berria FMren azken saioak, Ane Irazabal kazetariaren laguntzarekin. Ari baikara gabarrari begira, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei so ere bai, baina Palestinan zer?

Om Podcasten

2019an abiatu zen Berria FM podcasta, eta ziklo berri bat hastekoa da. Aurrerantzean, Uxue Rey eta Ane Eslaba kazetariak izanen ditu gidari. Hamabostean behin, podcastak aukera emanen du pausa bat egin eta bi astez gertatu direnei atzera begirakoa egiteko. Albisteak berrikusi, askotariko esparruetan dabiltzan emakumeen eta genero disidenteen ahotsei bozgorailua eman, eta azkurak eragin, behar denetan. Betaurreko moreak janzteak hori baitakar: begirada zorrotza, eta, feminismoan aurrera egiteko, beste batzuk atzera bultzatzea tarteka.