Abiapuntu bat zain

Azaroaren 30eko greba feminista orokorraren aurreko azken saioa da hau. Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunaren aitzinekoa ere bai. Biei heldu die Berria FMk. Hala nola indarkeria bikarioaren motibo eta suntsitze ahalmenari, eta grebak oinarri-oinarrian duen auziari: zaintzari. Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeko Ekhiñe Petriati eta desgaitasun fisikoa duen Erkuden Txokarro izan dira gurean, zaintzeaz eta zaindua izateaz hizketan.

Om Podcasten

2019an abiatu zen Berria FM podcasta, eta ziklo berri bat hastekoa da. Aurrerantzean, Uxue Rey eta Ane Eslaba kazetariak izanen ditu gidari. Hamabostean behin, podcastak aukera emanen du pausa bat egin eta bi astez gertatu direnei atzera begirakoa egiteko. Albisteak berrikusi, askotariko esparruetan dabiltzan emakumeen eta genero disidenteen ahotsei bozgorailua eman, eta azkurak eragin, behar denetan. Betaurreko moreak janzteak hori baitakar: begirada zorrotza, eta, feminismoan aurrera egiteko, beste batzuk atzera bultzatzea tarteka.