Bortxaketaren oihartzun sozialak

2016ko Iruñeko sanferminetako talde bortxaketak eta haren gaineko diskurtsoek herritarren memoria kolektiboan eginiko ekarpena aztertu du Samara Veltek ikerketa batean, auziari buruzko ‘Nik sinesten dizut’ liburua eman eta bost bat urtera. Hemeroteketan eta oroitzetan atzera egin, eta bistara atera zaizkio orduko birbiktimizazioa, erasotzaileak «piztia» bihurtzeko ahaleginak, epaiketa sozialak eta minak. Baina baita feminismoaren erantzunak ere; eta ondorioak. Horietaz eta bestez aritu zaigu BerriaFMn. «Jai-izorranteez» ere bai, askotara.

Om Podcasten

2019an abiatu zen Berria FM podcasta, eta ziklo berri bat hastekoa da. Aurrerantzean, Uxue Rey eta Ane Eslaba kazetariak izanen ditu gidari. Hamabostean behin, podcastak aukera emanen du pausa bat egin eta bi astez gertatu direnei atzera begirakoa egiteko. Albisteak berrikusi, askotariko esparruetan dabiltzan emakumeen eta genero disidenteen ahotsei bozgorailua eman, eta azkurak eragin, behar denetan. Betaurreko moreak janzteak hori baitakar: begirada zorrotza, eta, feminismoan aurrera egiteko, beste batzuk atzera bultzatzea tarteka.