Erdibitu diren baimenak

Urtarrilaren lehenean indarrean jarri zen Hego Euskal Herrian guraso direnentzako hamaseina asteko baimenak erregulatzen dituen legea. Ika-mika piztu da, ordea: emakumeek baimen luzeagoa behar dute? Zergatik ezin da eskualdatu? Zergatik da baimena norberaren soldataren araberakoa? Zer gertatzen da bikote edo familia ez heteronormatiboekin? Horri buruz iritzia galdetu diegu Edu Portillo Najerari eta June Fernandezi. Ramoni itzuli da oporretatik eta puntua Berriako Oihana Elduaien kazetariarena da.

Om Podcasten

2019an abiatu zen Berria FM podcasta, eta ziklo berri bat hastekoa da. Aurrerantzean, Uxue Rey eta Ane Eslaba kazetariak izanen ditu gidari. Hamabostean behin, podcastak aukera emanen du pausa bat egin eta bi astez gertatu direnei atzera begirakoa egiteko. Albisteak berrikusi, askotariko esparruetan dabiltzan emakumeen eta genero disidenteen ahotsei bozgorailua eman, eta azkurak eragin, behar denetan. Betaurreko moreak janzteak hori baitakar: begirada zorrotza, eta, feminismoan aurrera egiteko, beste batzuk atzera bultzatzea tarteka.