Martxoaren 8 (berri) batean

Berria FMren etapa berriko lehen saioa Martxoaren 8arekin batera heldu da. Ezinbestean, Emakumeen Nazioarteko Eguna hartu dugu hizpide: izan duen bideaz, haren dimentsioaz eta egunari lotutako erronkez aritu gara. Baita zaintzaz ere ―gai hori hartu baitu ardatz mugimendu feministak―, eta urtero egun honen bueltan izaten den zuriketa moreaz.

Om Podcasten

2019an abiatu zen Berria FM podcasta, eta ziklo berri bat hastekoa da. Aurrerantzean, Uxue Rey eta Ane Eslaba kazetariak izanen ditu gidari. Hamabostean behin, podcastak aukera emanen du pausa bat egin eta bi astez gertatu direnei atzera begirakoa egiteko. Albisteak berrikusi, askotariko esparruetan dabiltzan emakumeen eta genero disidenteen ahotsei bozgorailua eman, eta azkurak eragin, behar denetan. Betaurreko moreak janzteak hori baitakar: begirada zorrotza, eta, feminismoan aurrera egiteko, beste batzuk atzera bultzatzea tarteka.